Azenario pastela (Carrot cake)


Azken egunotan hitz bat darabilkit buruan bueltaka: Hygge

Zer da hygge? Danimarkatik datorren kontzeptua da, bertako kulturan errotuta dagoena. Hitz honek ez du itzulpenik eta definizio azkar bat emateko, bizitzak eskaintzen dizkizun plazer txikiekin disfrutatzeko gaitasuna izango litzateke: lagunak, familia, domeketako gosaria familian, liburu bat irakurtzea euriak lehioa jotzen duen bitartean, lanegun baten ondoren etxera iritsi eta ardo kopatxo bat hartzen duzun bitartean afaria prestatzea, goxotasuna, bizipoz lasaia.

Denok sentitu dugu hyggea, ez diogu izenik jarri baina hor dago, edozein momentu eta bazterretan. Blog honek hygge sortzaile izan nahi du, eta azenario pastel hau baino Hyggeagorik, ba al dago? 

Moleskine errezeta-liburuan idatzi nuen lehendabiziko errezeta izan zen azenario pastelarena. Askotan egiten dut, jende mordoak probatu eta flipatu egin dute. Batzuek, azenarioa duela ikustea arraroa egiten zaie baina probatutakoan aurpegi aldaketa nabarmena izaten da.  Agian, irudituko zaizue osagai asko dituela baina egiterako orduan prestaketa oso sinplea da, lanik "zailena" azenarioak birrintzea dela esango nuke. Sobratuko zaizkizuen osagaiengatik lasai, zin dagizuet pastel hau behin eta berriz egingo duzuela. Erabiliko dugun irina legamiarik behar ez duena da, legamia baduelako irin horrek, paketean "bizkotxoak egiteko berezia" dela jarriko du. Baina, aukera dago ohiko irina erabili eta royal botatzeko.

Goazen imaginatzera hygge momentu bat pastel honekin: igande goizean esnatu eta aurreko egunean egindako pastelak utzi duen kanela usaina nabarmena da. Euria ari du kanpoan. Sukaldera joan eta irratian liburuei buruzko programa bat entzuten hasten zara kafea prestatzen duzun bitartean. Nahastu egiten dira kanela eta kafe usain gozoak. Mahaia prestatu eta familian gosaltzen duzue eguneko planak egiten dituzuen bitartean: ikusiko duzuen filma, adibidez. Eta, zergatik ez? Kandela batzuk pizten dituzue momentu horri goxotasun berezi bat emateko. Bakarrik nagoenean, liburu bat irakurtzen dudan bitartean gosaltzea, hori bai hygge.

Konbentzituta? Goazen errezetarekin!







Errezeta: Azenario pastela


Osagaiak


175 ml ekilore-olio

135 g azukre beltz
3 arrautza (irabiatuta)
175 g azenario birrindu
85 g mahaspasa
50 g intxaur (txikituta)
Laranja baten azala (birrinduta)
175 g irin (legamiarik behar ez duena)
Koilaratxokada bat sodio bikarbonato
Koilaratxokada bat kanela-hauts
½ koilaratxokada intxaur muskatu hauts
Glasatuarentzat:
200 g gazta (philadelphia motakoa)
100 g azukre-hauts
2 koilaratxokada laranja zuku


Prestaketa:



1. OSAGAI LIKIDOAK NAHASTU


Labea piztu 180 graduan. Olioztatu 20-23 cm diametroko molde bat, guk kasu honetan, 23x10 cmko molde laukizuzen bat erabili dugu. Katilu handi batean irabiatu olioa, azukrea eta arrautzak. Gehitu azenarioa, mahaspasak, intxaurrak eta laranja azal birrindua.

2. GEHITU OSAGAI LEHORRAK

Iragazi irina, bikarbonatoa, kanela eta intxaur muskatu hautsa osagai likidoen nahasketaren gainean.

3. NAHASTU

Egurrezko espatula edo koilara batekin nahastu kontuz, mugimendu bilgarriekin eta  gehiegi mugitu gabe, ez da komeni gehiegi nahastea. Irin arrastorik ikusten ez duzunean pasatu nahasketa moldera eta egosi 35 minutuz edo eginda dagoela ikusi arte (sartu labana eta garbi ateratzen denean eginda egongo da). Atera labetik eta utzi moldearen barruan hozten 10 minutuz. Atera moldetik eta utzi hozten.

4. GLASATUA PRESTATU

Nahastu gazta, azukre-hautsa eta laranja zukua sardexka batekin nahasketa homogeneo bat lortu arte. Bota bizkotxoaren gainera eta espatula batekin estali bizkotxoaren goi partea.




Txokolate, oreo eta gerezi cheesecake-a


Gora gereziak! Gainera gereziei hezurra kentzeko tramankulua daukadanez aprobetxatu egin behar...errezeta hau labea piztu gabe egiten da. Momentu batean egiten da eta, gainera, kristalezko ontzitxoetan eraman egin daitezke, adibidez lagunekin bazkari batera edo egun pasa kanpora bazoaz. Maitemindu egin naiz, bai, maitemindu nahasketa batekin (zer?!). Txokolatea, oreoak nori ez zaizkio gustatzen? Baina errezeta honek duen onena, gainean duen topping-a -gerezi tartarako betegarria- da dudarik gabe. Ingalaterran bizi nintzenean probatu nuen horrelako opil bat eta barrutik gerezi mermelada zeukan, mokadu bat eman eta zapore hura ez nuen ahaztu. Handik aurrera saiatu nintzen berriz bueltatzen zapore hartara; gerezi mermeladak egin eta erosi nituen eta ezer. Duela urtebete edo, almendra esentzia erosi nuen "Angel food" bizkotxoa egiteko (aurrerago jarriko dut errezeta). Eta orduan konturatu nintzen hura izan zitekeela zapore hark zeukan osagaietariko bat, urte bete pasa eta gerezi tarta betegarri hau egin, bi osagai horiek nahastu eta...eureka! Flashbacka izan nuen 21 urterekin Hertfordshireko herri batean parkeko banku batean eserita mermeladaz beteriko opil hura jaten ikusi nuen nire burua. Beraz, hau nire koadernotxo berezian apuntatuko dut eta orain, irrikitan nago gerezi tarta (Cherry pie) egiteko, baina hori beste kapitulu baterako utziko dugu.

Almendra esentzia aurkitzea ez da erraza, nik internet bidez erosten dut,adibidez hemen  




Clafoutis-a


Tartetxo bat dudanean saiatzen naiz blogari hobekuntzak egiten, oraingoan sare sozialen linkak sartu ditut, beraz, instagram, twitter edo facebook bidez jarraitu nazakezue. Tok tok! Norbaitek hau irakurtzen badu erakusteko hankatxoa! Bueno eta dudarik baduzue idatzi; errezeta egiten duzuenoi mezua: pozez saltoka hasiko naiz argazkiak bidaltzen badizkidazue! Edo agian nahi duzue errezetaren bat egiten erakustea, prest naukazue horretarako.

Gerezi garaia da eta alde guztietan ikusten ditut. Saioan sasoikoa erabiltzea erabaki ona izaten da: produktuak momentu eta prezio onenean egoten baitira. Joan den urtean gereziei hezurrak kentzeko tramankulu bat erosi nuen, badakit, nahiko frikia da,  ez pentsa, txispak ateratzen dizkiot! Baina ez konplikatu, Clafoutis-a egin daiteke gereziei hezurrak utzita- berez, jatorrizko errezetak horrela egin behar dela dio- batzuek esaten dute hezurrek beste zapore berezi bat ematen diotela Clafoutis-ari, bada, egin eta kontatuko didazue! Ikusiko duzue flanaren antza duela, beste fruitu batzuk ere erabili daitezke hau egiteko, sagarra, madaria, okaranak...

Oso azkar eta erraz egiteko errezeta da, pentsatu gabe, ziur nago hor dituzuela gerezi batzuk, hartu eta egin! Gutxiago dituzuela, ba gutxiagorekin, beste fruitu batzuk sartu nahi dituzuela, aurrera! Eta gero banilla helatu bolatxo batekin, très délicieux egongo da.


Errezeta: Clafoutis-a