Clafoutis-a


Tartetxo bat dudanean saiatzen naiz blogari hobekuntzak egiten, oraingoan sare sozialen linkak sartu ditut, beraz, instagram, twitter edo facebook bidez jarraitu nazakezue. Tok tok! Norbaitek hau irakurtzen badu erakusteko hankatxoa! Bueno eta dudarik baduzue idatzi; errezeta egiten duzuenoi mezua: pozez saltoka hasiko naiz argazkiak bidaltzen badizkidazue! Edo agian nahi duzue errezetaren bat egiten erakustea, prest naukazue horretarako.

Gerezi garaia da eta alde guztietan ikusten ditut. Saioan sasoikoa erabiltzea erabaki ona izaten da: produktuak momentu eta prezio onenean egoten baitira. Joan den urtean gereziei hezurrak kentzeko tramankulu bat erosi nuen, badakit, nahiko frikia da,  ez pentsa, txispak ateratzen dizkiot! Baina ez konplikatu, Clafoutis-a egin daiteke gereziei hezurrak utzita- berez, jatorrizko errezetak horrela egin behar dela dio- batzuek esaten dute hezurrek beste zapore berezi bat ematen diotela Clafoutis-ari, bada, egin eta kontatuko didazue! Ikusiko duzue flanaren antza duela, beste fruitu batzuk ere erabili daitezke hau egiteko, sagarra, madaria, okaranak...

Oso azkar eta erraz egiteko errezeta da, pentsatu gabe, ziur nago hor dituzuela gerezi batzuk, hartu eta egin! Gutxiago dituzuela, ba gutxiagorekin, beste fruitu batzuk sartu nahi dituzuela, aurrera! Eta gero banilla helatu bolatxo batekin, très délicieux egongo da.


Errezeta: Clafoutis-a



Osagaiak



2 arrautza           
80 g azukre
30 g almendra birrindu
20 g irin
100 ml esne
200 g gerezi
Koilaratxokada erdi banilla esentzia

Prestaketa


1. OSAGAIAK PRESTATU

Labea piztu 180 graduan. 20 cm-ko molde baxu bat erabiko dugu postre hau egiteko. Gereziei hezurra kendu (aukeran). Ez badiezu hezurra kentzen, kontutan hartu gereziek hezurra dutela postrea jaterakoan! Jarri itzazu gereziak molde osoan zehar.

2. OSAGAIAK NAHASTU

Irabiatu  arrautzak, azukrea, esnea eta banilla. Almendra birrindua eta irina iragazi eta gehitu. Nahastu guztia ondo integratuta egon arte.

3. BOTA NAHASKETA MOLDERA

Bota nahasketa moldera, gereziak mugitu egingo dira, saiatu ondo jartzen  emaitza politagoa izateko.

4. LABEKATU

Labekatu labearen erdialdean, parrilatxoaren gainean 30 minutuz edo mamitu egin dela  ikusi arte. Utzi epeltzen. Egun batetik bestera utzita ederra egongo da.



iruzkinik ez: