Txokolate, oreo eta gerezi cheesecake-a


Gora gereziak! Gainera gereziei hezurra kentzeko tramankulua daukadanez aprobetxatu egin behar...errezeta hau labea piztu gabe egiten da. Momentu batean egiten da eta, gainera, kristalezko ontzitxoetan eraman egin daitezke, adibidez lagunekin bazkari batera edo egun pasa kanpora bazoaz. Maitemindu egin naiz, bai, maitemindu nahasketa batekin (zer?!). Txokolatea, oreoak nori ez zaizkio gustatzen? Baina errezeta honek duen onena, gainean duen topping-a -gerezi tartarako betegarria- da dudarik gabe. Ingalaterran bizi nintzenean probatu nuen horrelako opil bat eta barrutik gerezi mermelada zeukan, mokadu bat eman eta zapore hura ez nuen ahaztu. Handik aurrera saiatu nintzen berriz bueltatzen zapore hartara; gerezi mermeladak egin eta erosi nituen eta ezer. Duela urtebete edo, almendra esentzia erosi nuen "Angel food" bizkotxoa egiteko (aurrerago jarriko dut errezeta). Eta orduan konturatu nintzen hura izan zitekeela zapore hark zeukan osagaietariko bat, urte bete pasa eta gerezi tarta betegarri hau egin, bi osagai horiek nahastu eta...eureka! Flashbacka izan nuen 21 urterekin Hertfordshireko herri batean parkeko banku batean eserita mermeladaz beteriko opil hura jaten ikusi nuen nire burua. Beraz, hau nire koadernotxo berezian apuntatuko dut eta orain, irrikitan nago gerezi tarta (Cherry pie) egiteko, baina hori beste kapitulu baterako utziko dugu.

Almendra esentzia aurkitzea ez da erraza, nik internet bidez erosten dut,adibidez hemen  





Errezeta: txokolate, oreo eta gerezi cheesecake-a


Osagaiak

10 oreo gaileta (barruko krema eta guzti)
koilarakada bat gurin (urtuta baina ez dadila oso beroa egon)
250 g Philadelphia motako gazta
1/2 koiraratxokada banilla esentzia
1/2 katilukada azukre-hauts
1/2 katilukada esnegain
65 g txokolate beltz (deseginda)
65 g txokolate esnearekin (deseginda)
200 g gerezi mermelada edo gerezi tarta egiteko betegarria (bigarren aukera askoz hobea!)
12 bat gerezi (mermelada botatzea aukeratzen baduzu)


Prestaketa


Sartu itzazu oreo gailetak robotean eta birrindu. Gehitu gurina eta jarraitu birrintzen. Banatu birrindutako gailetak kristalezko lau ontzitan eta zapaldu koilara batekin.

Gazta irabiatu irabiagailu batekin, apur bat biguntzen denean gehitu banilla esentzia eta azukrea. Kontuz irabiatu hasieran azukre-hautsak ihes egingo dizu bestela, poliki hasi eta gehitu potentzia guztia integratuta egon arte.

Beste katilu batean esne-gaina harrotu. Gehitu gazta nahasketari eta espatula batekin kontuz jarraitu nahasten. Gehitu bi txokolate motak (desegiteko maria bainua edo mikrouhin-labea erabili eta utzi apur bat hozten) eta jarraitu nahasten guztia integratuta egon arte. Banatu ezazu lau ontzietan.

Amaitzeko, azkenengo geruzan bi aukera:

1) 3 gerezi ontzi bakoitzean eta gainetik gerezi mermelada.
2) Dudarik gabe nire gomendioa: gerezi tartarako erabiltzen den betegarria.

Errezeta 2: Gerezi tartarako betegarria


Nire gomendioa da betegarri kopuru handia egitea eta aprobetxatzea jogurrarekin jateko, gerezi tarta egiteko, gosaritan ogiarekin jateko...ikusiko duzue ze goxoa! Izozkailuan ondo kontserbatzen da.

Osagaiak


2 kilo gerezi (hezurrak kenduta, adibidez, tramankulu honekin)
1/2 katilukada ur
2 koilarakada limoi zuku
2/3 katilukada azukre
3 koilarakada maizena
1/4 koilaratxokada almendra esentzia


Prestaketa


Lapiko batean berotu gereziak, ura, limoi-zukua eta maizena irakiten hasi arte. Momentu honetan jaitsi sua eta utzi hamar minutuz eta jarraitu nahasten. Kendu sua eta gehitu almendra esentzia. Utzi hozten erabili aurretik.




2 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Zelako itxura !!!!

labeapiztu erabiltzaileak esan du...

Mila esker! Probatzera animatzen zaitut.